XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Politikariek zentzu handiz jokatu bazuten legea apurtu gabe, era baketsuan eta kontsentsuak bilatuz, gizarteak hala eskatzen zuelako izan zen. (Miguel Herrero de Miñón, ELKARRI aldizkaria 45. zenb.).

Trantsizioaren bidez gauzatu ziren mendebaldeko munduari dagozkion egitura politikoak, liberalak eta demokratikoak.

Espainiako trantsizioaren ezaugarri garrantzitsuena da legezko bidea erabili zela estatu autoritarioaren erreforma egiteko.

Hemen plantea daiteke erreforma ala apurketa izan zen.

Ez naiz honetan geratuko.

Azpimarratu nahi nukeena zera da: aurrera egin zela eta demokrazia bidean ezarri Estatua.

Alde bateko eta besteko indarrek aurrera egitea hartu zuten helburutzat, eta 40 urtean bizi izandako samintasuna, zuzengabekeria, zapalkuntza, indarkeria eta oinazeak energia baikor bihurtu zituzten, eta energia hori izan zen demokraziaren bidea egiteko motorra.

1976. uztailaren 7an, Erreforma Politikarako Legea onartzeko egin zen Erreferenduma izan zen bide horretan urrats garrantzitsuenetakoa.

Lege horren bidez frankismoaren konstituzioa ezeztatu zen, hori lortzeko indar guztien lankidetza beharrezkoa izan zelarik.

Alde batetik, Estatuko kargu gorenen artean, aurreko egoerarekin apurtu beharrari buruzko adostasuna lortu zen; eta bestetik, oposizioan zeuden indar demokratikoak Coordinación Democrátican bildu ziren.

Erreferendumaren ondoren, Suárez Presidentea ofizialki hasi zen oposizioko Negoziaketa Batzarrarekin biltzen.

Horiek izan ziren benetako negoziazioak, non hauteskunde aske eta orokorrak ziurtatzeko neurriak hartzen hasi ziren.

Han ireki ziren bideak aurreko erregimenaren erakunde eta monopolioa ezeztatzeko, erakunde berriak sortzeko, adierazpen askatasuna lortzeko, alderdi politikoak legeztatzeko eta hauteskunde sistema hautatzeko.

Espainiako trantsizio prozesua konplexua izan zen, hainbat faktorek baldintzatzen baitzuten: lehen aipatu ditugun sozio-ekonomiko arloaren aldaketak, alde batetik; eta gizarte mugimendu ugarien eta oposizioko alderdi politikoen ekintzek, bestetik.

Elementu horien guztien garapenak barneraino sartu zion harra diktadurari eta frankismoaren aurkako mugimendua indartu zuen gizartean.

Gizartearen arlo garrantzitsuenen joerak baita Eliza Katolikoaren jarrerak ere kontuan hartzekoak dira prozesuaren baldintzatze horretan, eragin handia izan baitzuten diktaduraren erorketan.

AUTONOMIEN ESTATUA

1977ko ekainaren 15eko hauteskunde orokorren emaitzen ondoren eratu ziren Cortes berriak, baina akordio politiko zabal baten beharra erakutsi zuten haiek.